OINARRI-ARAUAK PDF fitxategia Inprimatu E-posta

FRUITU ETA BARAZKI LEHIAKETA-ERAKUSKETA


Lehiaketen oinarri-arauak

•    Lehiaketa-erakusketan parte hartzeko gonbidapena beharko da.

•    Lehiaketa-erakusketa Jose Migel Barandiaran plazan egingo da; Udalak jarriko ditu behar diren mahai eta saltokiak.

•    Goizeko 7etarako produktuak jartzen hasteko moduan izango dira partehartzaileak; kontuan izanik, 8:30etarako dena jarrita egon beharko duela.

•    Epaimahaikoek epaia ematen duten bezain laister hasiko da salmenta, goizeko 10:30etan, gutxi gora-behera. 14:00etatik aurrera saltokia kentzen has daiteke.

•    Norberak ekoiztutako produktuak bakarrik erakutsi daitezke. Beharrezko balitz, hori egiaztatu egingo da eta baldintza hori betetzen ez bada, jasotako guztia itzuli egin beharko du partaideak, eta urtebetean ezin izango du berriro parte hartu.

•    Saltokiek bete beharreko baldintzak:
- Barazkiak: gutxienez 8 mota desberdin ekarri beharko dira. Bakoitzetik gutxienez 4 kilo edo 4 dozena ekarri beharko dira, saltzeko eraren arabera.
- Fruituak: gutxienez 8 mota desberdin ekarri beharko dira. Gutxienez 4 kilo mota bakoitzeko.

•    Sariak ematerakoan honako hauei begiratuko zaio:
- Kalitatea: osasun-egoera, saltzeko moduko tamainua,...
- Kopurua: aurkezten diren mota eta klaseak,
- Aurkezpena: produktu bakoitza bere izen eta barietatearekin azaltzea,...

•    Hona hemen banatuko diren sariak, fruitu eta barazki atal bakoitzean:
- 1. saria: 300 € eta KUTXAren garaikurra.
- 2. saria: 250 €
- 3. saria: 200 €

•    Gipuzkoatik kanpoko partaideek aparteko sariak  jasoko dituzte. Honako hauek izango dira:
- 1. saria: 300 € eta KUTXAren garaikurra.
- 2. saria: 200 € eta KUTXAren garaikurra.

•    Horrez gain, 20 € emango zaie dieta gisa partaide guztiei. Saltokiak merezi badu, epaimahaikoak dietak igo ditzake.

•    Sariak Jose Migel Barandiaran plazan emango dira, eguerdiko 12:00etan.

•    Dietak kobratzeko, berriz, Udaletxera jo beharko da, Kontu-hartzailetzara, goizeko 11etatik 1ak arte.

 


 

GIPUZKOAKO PIRENAIKA ARRAZAKO GANADU TXAPELKETA

PIRENAIKA arrazako ganadu lehiaketa izango da Ordiziakoa. Ez da beste arrazarik onartuko. Ganaduzaleak, ordea, libre da Gipuzkoako edozein herritakoak izatea. (Era berean, esan dezagun Gipuzkoan ez dela beste lehiaketarik izango pirenaika arrazako ganaduaren artekorik. Tolosan ere izango da, baina beste arraza batzuetako ganadua ere eraman daiteke, pirenaikaz gainera, hango lehiaketara).

Lehiaketarekin batera, pirenaika arrazako txahal subasta ere izango da. Subastak txahalak saltzea du helburu, eta, hala, Ordiziako Udalak diruz lagunduko dio subastan txahalen bat erosten duenari.
Lehiaketaren eta subastaren asmoa pirenaika arrazari bultzada bat ematea da. Pirenaika arrazako ganadua, izan ere, oso ganadu egokia da haragitarako eta larrerako, eta oso samur jartzen da hemengo geografi-klimetara, ez baita alperrik hemen bertan, gure mendietan, sortutako ganadua.

Ordiziako Udalak gure inguruko gauzarik onenak herrira ekartzeko sentsibilitate handia izateari esker, gustora lagunduko du bertako PIRENAIKA ganadu arraza  aurrera ateratzen. Izan ere, Foru Aldundiak, KUTXAk eta HEBEk ere bai baitute beren partea.

Gainera, urtero izango da Ordizian pirenaika arrazako ganaduaren kalitatea zenbat hobetu den ikusteko aukera, geroz eta hobea da arraza horren kalitatea eta; batez ere etengabe ari delako genetika hobetzen Gipuzkoako Ganaduzaleen Elkartea (HEBE), Euskadiko Federakuntza (EPIFE) eta Konfederakuntza (CONASPI) lagun dituela.

Lehiaketan ganaduaren morfologiari begiratuko zaio, batez ere arrazaren berezitasunei. Epaimahaiak emango du sailkapena, eta ez da hark hartutako erabakirik aldatzerik izango.
Sei lehenengo sari (garaikurra eta 300 €) eta sei bigarrengo (garaikurra eta 210 €) izango dira, guztiak ere emeentzat. Hona hemen sailak:

1. saila: 12-18 hilabete bitarteko bigantxak.
2. saila: 18-24 hilabete bitarteko bigantxak.
3. saila: 24-30 hilabete bitarteko bigantxak.
4. saila: 30-42 hilabete bitarteko behiak.
5. saila: 42-60 hilabete bitarteko behiak.
6. saila: 60 hilabete baino gehiagoko behiak.


Zezenak ere izango dira, baina ikusgai besterik ez.

Lehiaketan parte hartu nahi duenak, bestetik, goizeko 8ak baino lehen ekarri behar du ganadua.
Seguru da egunak arrakasta izatea; izan ere, 80 ganadu-buru baino gehiago izango dira lehiaketan, Gipuzkoa guztikoak izango dira eta subasta ere izango baita.